Begoña Antolín, Acompaña Laguntzen Elkarteko boluntarioa

9 apirila, 2024

Arantza Rodríguezek DEIA Bilbao egunkarian 2024/03/18an idatzitako artikulua

“Haien gaixotasuna pixka batean ahatz dezatela da kontua”

Perretxikoei buruz hitz egin, aspaldiko kantak oroitu nahiz partxisean aritu; denetarik egiten du. Begoña Antolínek, Areetako auzokideak, bi urte daramatza Bizkaiko ospitaleetan bakarrik dauden gaixoei lagun egiten, eta solasaldi-dosi batek mirariak egiten dituela ziurtatzen du. «Gaixoentzat balio handia du tartetxo batez haien ondoan egoteak, irribarre eginez edo eskua hartuz, eta goibel baldin badaude “Aurrera, animo!” entzutea», dio Acompaña Laguntzen Elkarteko boluntario honek. Gizon-emakume solidarioen beharrean dago erakundea, paziente gehiagoren «bakardadea arintzeko». Iaz, berrogeita hamar boluntariok baino gehixeagok 366 bisita egin zizkieten 53 gaixori. Zifra horiek oso urruti daude pandemia baino lehenagoko garaikoetatik.

Begoñak, erretiroa hartu ondoren, elkartasunezko ekimenen batean laguntzea erabaki zuen, eta bere alabak, ogibidez sendagilea, amaren izaera kontuan hartuta, ospitale-eremuan aritzeko oso aproposa zela iradoki zion. «Alabak ikusten zuen paziente batzuk askotan bakarrik egoten zirela, eta halako gaixoentzat zoragarria da solasaldi bat izate soila, norbaitekin egotea, sabaiari eta paretei begira egon beharrean», azaldu du bere egitekoarekin «oso gustura» dagoen boluntario honek. «Maila pertsonalean, poz handia ematen dit. Eta, pazienteekin nagoenean, ikusten dut nirekin egon ondoren alaiago geratzen direla», dio.

Gaixoak «tarte atsegina» igaro dezan, bere zaletasunei buruz aritzen dira solasean, edo beste edozeri buruz. «Gertatu izan zait pazienteren bat Portugaletekoa izatea, ni neu naizen lekukoa. Abestiak gogoratzen hasi ginen, eta oso gauza xumeak. Eta, horrela, ikusten duzu gaixoak une batez deskonektatu eta ahaztu egiten duela bere gaitza. Eta, azken batean, hori da helburua», azaldu du Begoñak, diskrezio osoz. «Zer daukaten ez dakit, eta galdetu ere ez diet egiten.

Dena den, askotan, ez da beharrezkoa izaten; nahikoa da ondoan egotea. Eskua ematen dizute, irribarre bat eskaintzen… Kontatu nahi badute, konta dezatela, baina esaten didatena nirekin gordeko dut», dio irmoki.

Entzutea, barrua askatzeko aukera ematea, elkarrizketa ematea. Horrelako gauza sinpleak «sekulako terapia» direla dio. «Baten bati esan diot: “Bihar partxisa ekarriko dut eta partidatxo bat jokatuko dugu”. Behin, gizon batek esan zidan perretxiko bila joateko ohitura zuela, eta esan nion: “Nire senarrak daukan liburu bat ekarriko dizut”. Entretenituta egotean eta gustuko gaiez mintzatzean, eramangarriagoak izaten dira minak eta ondoezak», dio.

Ohe ondoan ez ezik, kontsultaren batera joan behar dutenean ere laguntzen die Begoñak pazienteei. «Jende asko dago ospitaleetan bakar-bakarrik. Eta, askotan, bakarren daudenak ez dira familiarik ez dutenak», argitu du boluntario honek. «Adibidez, semea edo alaba Madrilen edo Kanarietan bizitzen daukatenak… Edo lanera joan behar duen eta asteburuetan soilik gerturatu daitekeen iloba bat dutenak», aipatu du adibide gisa.

Haurtxoen ondoan ere egon da Begoña. «Egunaren 24 orduak ospitaleratuta eman behar dituzten haurtxoei ere egin diet lagun, gurasoak ezin direnean haien ondoan egon. Haurtxoak ezin dira bakarrik utzi, eta pediatrian eskertzen dute gu haiekin egotea», esan du. Beste herrialde batzuetatik etorri eta Gurutzetan ebakuntza egiten dieten adingabeei ere lagun egiten diete. «Batzuetan gurasoekin etortzen dira, baina zenbaitetan gurasoek joan egin behar izaten dute, eta orduan gu joaten gara haiekin hitz egitera eta gelan pixka bat jolastera.

Oso esperientzia polita izaten da hori, haurrak zoragarriak baitira», nabarmendu du. Boluntario bakoitzak nahi eta ahal duen denbora eskaintzen du, «inolako betebeharrik gabe». «Ni ordu eta erdi egoten naiz, baina pazientea gustura dagoela ikusten badut, pixka bat gehiago geratzen naiz; eta nekatuta badago, aldiz, gutxiago». Edozein premiaren aurrean, erizainari deitzen diote.
Egonaldia luzea denean, hainbat boluntario joaten dira Gurutzetako, Basurtuko, San Eloyko eta Urdulizko ospitaleetan dauden pazienteak bisitatzera. «Batzuek denbora dezente daramate ospitaleratuta, eta gutako batzuk ezagutzen gaituzte. Gustatzen zaie aurpegi desberdinak ikustea. Horrela, hainbat gairi buruz hitz egiten dute, eta hori ere pizgarria da haientzat», esan du. Eta eskertu egiten du osasungintzako langileen aldetik jasotzen duten tratua. «Erizainak ezin dira pazientearekin solasean aritu. Gaixoarekin gogo onez geratzen garela ikusten dutenean, poztu egiten dira», esan du.
Maskararekin edo maskararik gabe, gaixoaren kalteberatasunaren arabera, Begoñak «beldurrik ez izatera» animatzen du, eta gaixo horiei laguntasun-esku bat luzatzera. «Haiekin ordu-erdi egon bazaitezke, ordu-erdiko alaitasuna izango da. Ordu-erdi horretan beharbada etxeko sofan eserita egoten gara, zer egin ez dakigula».

https://www.deia.eus/bizkaia/2024/03/18/begona-antolin-voluntaria-asociacion-acompana-8012475.html